XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Izango ziren itzal-xinu gehiago ere bazterretan, baina, tamalez, Lafittek ez zigun komediaxka pollit hori besterik eman.

Aita Donostiak bildutako Azken hitza bere zuen buhamesa elkarrizketak sail horretako itzal-xinu baten itxura guztiak ditu.

ESZENA: Bi gizon zaldiz.

Horietako bat begibakarra da, eta zaldia ere begibakarra du.

Besteak esaten dio: Ikusten al duk horko buhamesa hori? Azken hitza beti bere izaten dik horrek...

Zaldun begibakarra hurbiltzen zaio buhamesari:

ZALDUNAK: Agur, anderetan ziren ederrena.

BUHAMESAK: Bai zuri ere, eguzkiaren ziztarria.

Z: Nondik heldu zara, andre, plazer baduzu?

B: Otezarretik auna, zuk hala atsegin baduzu.

Z: Zenbat ahizpa zarete Otezarren, andre, plazer baduzu?

B: Lau: Maria, Josefa, Katalina eta ni, zuk hala atsegin baduzu.

Z: Zein da ederrena, andre, plazer baduzu?

B: Ni, jauna, zuk hala atsegin baduzu.

Z: Nahi duzu nirekin ezkondu?

B: Bai, jauna, zuk hala atsegin baduzu.

M: Nirekin ezkonduko denak behar du lau sosen fantasia, bi sosen kortesia eta sos baten hara-hona.

B: Jauna, Baionan da fantasia. Jaunetan, kortesia. Bideetan, hara-hona trikun-krak, ez naute nire aitak eta amak zuretzako.

Z: Norendako bada, andre, plazer baduzu?

B: Neronek nahi dudanarentzako, jauna, zuk hala atsegin baduzu.

Z: Ni banintz hura?

B: Munduan besterik ez balego...

Z: Andre, zurekin ezkonduko denak, berak erositako azak jango ditu.

B: Bai, eta ni beranduegi etxeratuko.

Z: Bai, eta nik zu makilaz joko.

B: Bai, eta ni armairu azpian sartuko; trikun krak, ez naute ene aitak eta amak zuretzako.

Z: Andre, errege banintz, errenta onak izango zenituzke.

B: Jauna, Jainkoa banintz, bi begi emango nizkizuke: bat zuretzako, bestea zure zaldiarentzako.

Z: Agur, andre ahalke gabea.

B: Bai, zuri ere, jaun tontoa.